XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZORTZIKO NAGUSIAN
Ikasle on asko.

IDAZLEARI atsegin zaio beti berak esan duenaren oihartzuna.

Onespenezkoa bada, hobe; baina gaitzespenezkoa bada ere, aipamenik-eza baino hobe da.

Isiltasuna da hor motza.

Honetan ere, etsai kontutan bezala, okerrena ez da atakea.

Okerrena aintzakotzat ez hartzea da.

Eta idazten dugunok askotan izaten gara bildur inork ez ote dion eskerrik ematen guk diogunari.

Horregatik jasotzen ditugu pozik irakurlearen aipamenak.

Neri, oraindik orain, bertsolari gazte batek aipatu dit nere asteroko lantxo horietako bat.

Ez zen azkenekoetakoa harek aipatu zidana.

Aspalditxokoa zen.

Beraz noizpait irakurria zuena orain gogoratu egin zaio.

Bera harrituta egon ohi da nik aspaldiko bertso irakurri nahiz entzunen erreferentziak egiten ditudanean; baina berari ere ez zaizkio hain erraz ahazten beraren pareko gauzak.

Eta zera zen guztia.

Orain dela hilabete batzu nik idatzi nuen bi esaldi bait banarekin eginak elkarren segiran baldin bazeuden eta bigarrena bertsoaren azkena baldin bazen, bertso hori ez zegoela ongi bukatua.

Ez zeukala errematerik eta bertsoa kolokan bezala gelditzen zela, asenturik gabe bezala.

Hitz batean, ez zegoela biribildua.

Hori zen alde-aldera nik nioena artikulu hartan.

Eta gure mutilak irakurria zeukan eta gogoan jasoa.

Ongi iritzita zegoen gainera nik esaten nuenari.

Eta hor non topo egiten duen lehengoan, txapelketako bere bertsoak errepasatzen ari zela, bait horrekin egindako bi esaldi segirakoz bukatzen den bere bertso batekin.

Eta jakina, neri irakurri eta onetsi zidana gogoratu zitzaion.

Ez zuen gozoa jarria izan behar gure gizonak.

Hutsa ez omen zuten balio kantatu zituen bertso haiek.

Ia-ia bat onik ez omen zuen kantatu txapelketa guztian.

Horrelakoxe etsipenez zegoen gure bertsolari gaztea nik salatutako hutsegite bat bere bertsotan bilatu zuenean.

Ez dakit nik zenbat arrazoi nuen ohar hura egin nuenean, ez bait nion inori inoiz irakurria ez entzuna, baina gazte haren minezko onespenak lehengoan sendoagotzen nauela bai, badakit.

Eta erakusteak balio duela ere, badakit.

Eta idatzitakoa alferrik ez dela galtzen ere bai.

Baina norberak idazten duena aintzakotzat hartzen dela jakiteak baino askoz garrantzi gehiago duen beste gauza ikasi dut.

Egia esan lehen ere banekien hori.

Orain berritu egin zait ostera.

Eta hauxe da: guk merezi baino ikasle on gehiago dagoela.

Gure gazte honek ere aurkituko ahal du ni baino maisu hoberik.

Joxemari Aranalde.